Eusko Jaurlaritzaren Eskola Inklusiboa Garatzeko Esparru-Planaren ildotik, aniztasuna dugu gure jardunaren oinarrian, ikasle guztiek “kalitateko hezkuntza zuzena, bidezkoa eta aukera-berdintasunean oinarritutakoa” bermatzeko. Hezkuntza horren xedea da ikasle orok eskola-arloan arrakasta izatea; “izan ere, benetako bikaintasuna lortzea da ikasle guztiek beren gaitasun pertsonalak ahalik eta gehien garatzea, irteerako profilean aurreikusitako oinarrizko konpetentziak lortze aldera”.
Eskola inklusiboaren giltzarrietako bat inguru hurbilean integratzea da. Jadorako inguru hori Erandio eta bertoko jendea da. Horren ondorioz, eskola inklusibo gisa, Jadon funtsezkoa da irakasleen, ikasleen, familien eta erakundeen (Erandioko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren) arteko lankidetza. Aliantza anizkun hori da gure hezkuntza-proiektuaren arrakastarako bermerik onena.