Irailaren 30ean ospatzen den Ikertzaileen Europako Gauaren harira, Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako online hitzaldi batzuetan parte hartzen ari dira egunotan Jadoko DBHko ikasle guztiak.
Hitzaldiak EHUko ikertzaileek ematen dituzte. Gai bakoitzeko adituek gai interesgarriak jorratzen dituzte, hala nola energia berriztagarriak, plastikoak, jasangarritasuna, soinu-kutsadura, klima-aldaketa, elikadura eta nutrizioa…
EHUren arabera, ekimen honen helburua da ikertzaileen figura eta euren lana herritarrei hurbiltzea, baita gizarteari ekartzen dizkioten onurak ezagutaraztea ere. Jadorekin batera, Euskadi osoko hainbat ikastetxek hartzen dute parte programa honetan.